Familien Batzordea Lezo Institutuan sortu dugun parte-hartze eta elkarlan egitura da, topagune bat. Bere helburua da familien ahotsa modu antolatu, eraginkor eta jarraituan ikastetxearen eguneroko funtzionamenduan txertatzea.
Batzordearen sorrera eta funtzionamendua familiek eurek adostu dituzte, urrian abiatutako parte-hartze dinamika baten bidez, zuzendaritza taldearekin elkarlanean. Prozesu hau EDE Fundazioak dinamizatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Parte-hartzerako Zuzendaritzaren diru-laguntzari esker gauzatu da.
Helburua
Familien Batzordearen xede nagusia da familia–tutoretza–ikastetxearen arteko komunikazio kanal egonkor, eraginkor eta bi norabidekoa eratzea. Kanal horren bidez honakoak sustatu nahi dira:
- Bizikidetza hobetzea
- Familien parte-hartzea indartzea
- Ikastetxearen antolaketan ekarpenak egitea
- Informazio eta formazio akademikoaren inguruko harremana aberastea
Balioak eta printzipioak
Batzorde hau Lezo Institutua -ko Hezkuntza Komunitatearen balio eta printzipio berberek gidatzen dute, Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan jasotzen direnak hain zuzen: inklusioa, berdintasuna, tratu ona eta pertsonen ongizatea, euskararen sustapena eta jasangarritasuna . Horiez Gain, funtsezkotzat jotzen ditugu gardentasuna eta ikuspegi eraikitzailea, eta, beharrezkoa denean, konfidentzialtasuna eta datu-babesa zorrotz errespetatzea.
Osaketa
Familien Batzordea honela osatzen da:
- Geletako ordezkariak: 8 pertsona, maila bakoitzeko gutxienez ordezkari bat
- Hezikuntza Familia Elkartearen ordezkariak: gutxienez 2
- Eskola Kontseiluko familien 2 ordezkari
- Zuzendaritzaren ordezkaritza
- Ikastetxeko orientatzailea
Funtzionamendua: gaiak lantzeko fluxua
Gaiak lantzerakoan, fluxu eta eskalatze prozedura argi bat jarraitzen da:
- Gela mailakoa: gaiak gela bati soilik eragiten badio: familiak → gela-ordezkaria ↔ tutoretza / zuzendaritza
- Maila mailakoa: maila bereko gela bat baino gehiagori eragiten badio: mailako ordezkariak ↔ tutoretza / zuzendaritza
- Ikastetxe mailakoa: gai orokorra bada: Familien Batzordea ↔ Zuzendaritza taldea
Kasu pertsonalak ez dira inoiz ordezkarien bidez lantzen; beti tutoretzara edo orientaziora bideratzen dira, bide pribatuetatik.
Funtzio nagusiak
Familien Batzordeak honako eginkizunak ditu:
- Urtean zehar lantzen diren gaiak partekatu eta eztabaidatzea, eta ikastetxeko mezu eta gai giltzarriak zabaltzen laguntzea (ebaluazio konpetentzialean sakontzea, euskararen erabilera, bizikidetza positiboa…)
- Ikastetxeko Urteko Planaren (IUP) inguruko ezagutza eta parte-hartzea sustatzea: proposamenak jaso eta planean txertatzea, behetik-gora sortuz
- Eskola Kontseilua elikatzea: proposamenak bideratzea eta jarraipena egitea
- Ordezkaritza desberdinen lan-karga banatzea, solapaketak saihestuz eta elkar zainduz
- Familien parte-hartzea sustatzea: formakuntza saioak, dinamikak, auzolanak, jaiak eta ordezkaritza-organoak
- Tutoretza plana, orientazioa, hezkuntza-dibertsitatea (ED) eta eskolako emaitzen jarraipena eta azterketa egitea, hobekuntza-proposamenak eginez
- Informazioa modu argi eta garaiz ematea, adostutako epeetan erantzunez
- Familientzako formazio labur eta espezifikoa antolatzea
- Protokoloak, planak eta proiektuak betetzen direla gainbegiratzea, eta ikastetxearen funtzionamendua ebaluatzea
Egitasmo honekin jarraitzen dugu gure komunitatean parte-hartzea bultzatuz eta bere funtzionamendu demokratikoa indartuz.
