Gaur goizean, Lezo Institutuko DBH 2ko ikasleek Lezoko udaletxea bisitatu dute, Eskolako Agenda 2030 programaren barruan aurten egindako lana aurkezteko. Aurtengo ikasturtean klima-larrialdiaren gaia landu dute, eta horren harira, herriko parke ezberdinak aztertu dituzte, aldaketa klimatikoaren aurrean egokitzeko duten gaitasuna ebaluatuz.
Ikasleek, egindako ikerketaren ondorioak eta proposamenak aurkeztu dizkiete Mikel alkateari eta Leire ingurumen teknikariari. Proposamen horien bidez, parkeak klima-aldaketara hobeto egokitzeko neurriak planteatu dituzte, hala nola itzal gune gehiago sortzea, uraren erabilera jasangarria bermatzea eta abar.
Mikel alkateak eta Leire teknikariak eskerrak eman dizkiete ikasleei egindako lanagatik eta parte-hartzeagatik, eta adierazi dute proposamen horietatik hainbat aurrera eramateko konpromisoa hartu dutela.
Eskolako Agenda 2030 programaren bidez, ikasleen herritartasuna eta jasangarritasunarekiko konpromisoa garatzen da, ingurumen arazoei aurre egiteko
gaitasuna lantzen duten bitartean. Ekintza honek gazteen artean ingurumenarekiko kontzientzia piztu eta herriko erabakiguneetan haien ahotsa entzunarazteko urrats garrantzitsua izan da.




