Aurten ere, Kanpo Espazioaren Astea ospatuko dugu, eta horretarako lau egun berezi prestatu ditugu, jarduera ugari eta anitzek osatutako egitarauarekin. Ilusioz eta jakin-minaz beteriko egunak izango dira: STEAM erronka, orientazio proba, RAP tailer sortzailea, baratza, Albaolara egindako bidaia historikoa, ipuin tailerra… eta askoz gehiago.
Ohi bezala, ezin aipatu gabe utzi LH6ko ikasleen bisita berezia. Urtero bezala, aste honetan institutura etorriko dira, eta DBH3ko ikasleek harrera beroa egingo diete. Topaketa hunkigarria izaten da, belaunaldi arteko zubi bihurtzen den une berezia.
Aurten ere, bereizgarri gisa, ikasleen nahiari erantzunez, haientzat propio izango den areto bat prestatzen ari gara. Ikasleen ahotsari entzuna emanaz, espazio berri hau sortzeko bidean gara, eta prozesu horretan DBH3ko ikasleekin batera beheko aretoa margotzen eta egokitzen hasiko gara. Kolorez eta ideiez betetako proiektu kolektiboa izango da.
Aste berezi honi amaiera borobila emateko, ostiralean —Aste Santuko oporren atarian—, elkarrekin ospatuko dugu egindako guztia: hamaiketako eta festa alai batekin agurtuko dugu astea, bizipenez eta irriz beteta.