Auzolan Egun Aparta
Auzolan Egun Aparta

Auzolan Egun Aparta

Igande honetan jende ugari bertaratu zineten Lezoko institutuan antolatutako auzolanera, 100 pertsona inguru. Eguraldia lagun izan genuen eta giro ederra sortu zen. Antolatzaileok bihotzez eskertuta gaude komunitate osoaren parte hartzearekin eta sortutako giroarekin.

Eguna, Urmaelaren inguruan hasi genuen, Aranzadiko Ion Garin eta Neikerreko Aitor Cevidanes adituen eskutik. Bertan, azalpen batzuk jasotzeko aukera izan genuen eta ondoren lanari ekin genion, urmaelaren azken ikutuak eta hesitura eginaz. Honela, aurreko ostiralean DBH 1 eta 2ko ikasleak aurreratutako lana amaitzeko aukera izan genuen.

Jarraian Zerynthia elkartearekin batera, tximeleten oasien inguruan elkartu ginen azalpen batzuk jasotzeko eta honela, Altamirako oasia sortu genuen elkarlanean.

Goizean zehar, taldeetan banatuta, beste hainbat lan burutu genituen:fruta-arbolen landaketak, baratzaren txukunketa eta abar. Lanean jardun zuten haur, gazte zein helduk, denok batera.

Eguna borobiltzeko, DBH4ko ikasleek ikasbidairako dirua ateratzeko tortilak, bizkotxoa eta Carmen jatetxeko salda bero goxoa jarri zituzten salgai.

Amaitzeko, Altzate auzo elkartean bazkari batekin amaituko genuen eguna.

Hasieran esan bezala, Institutuan oso eskertuta gaude eta bereziki, eskerrak eman nahi genizkioke Zubitxo guraso elkarteari, Altzate auzo elkarteari, Lezoko udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.